“Deprimiturik nago”, “nahigabetuta nago”, “airea falta dut, irten beharra daukat”: esaldi hauek eta antzeko beste batzuk esan ondoren, erosketak egitera joango gara dirua gastatzeak gure antsietatea edo atsekabea arinduko duelakoan.
Tristura, amorrua, inork ulertzen ez gaituen eta arretarik jartzen ez digutelako sentimendua eta bakardadea sentitzean erosketa izaten da ihesbidea, eta askotan ezertarako behar ez diren gauzak erosten ditugu hutsunea asetzea lortzen dugulako.
Zer da konpultsioa?
Neurrigabe erostera bultzatzen gaituzten arrazoietako batzuk behar emozionalak, autoestimu faltak, hutsuneak edo frustrazioak eta arazoak jasateko ezintasunak eragindako bulkaden kontrolik eza eta pentsamendu zentzugabea dira, baina inola ere ez beharra.
Baliagarritasuna ere ez da arrazoia, zeren eta erosteko adikzioa dutenek ez baitute erositakoa estreinatzen eta etxean pilatzean sorrarazten dien errudun sentimenduak dendaz denda joatera bultzatzen ditu, askotan ezkutuan, burutik kendu eta zoriontsu izateko. “Gurpil zoroa da eta oso gaixotasun zaila”.
Erosle konpultsiboak antzemateari dagokionez, psikologoek “ezkutuko adikzioa” dela diote, erosleak berak ez duelako onartzen arazo bat duela eta normaltzat jotzen du bere jokabidea, gizarte “erabat kontsumistan” bizi baita.
Erosle konpultsiboaren profila
Profilari dagokionez, 30 urtetik 40ra bitarteko emakumeak gizonezkoak baino gehiago dira. Dena den, teknologia berrien goraldiak talde berri bat sortu du, nerabeek osatua eta “merkatura ateratako azken bideo-jokoa erostea dute aisialdirako jarduera bakarra”.
Zergatik diogu adikzioa dela?
Jokaera adikziozkoa dela esateko hiru ezaugarri hauek eman behar dira: tolerantzia (emozio berbera lortzeko, gero eta gehiago kontsumitzeko premia), abstinentzia-sindromea (adikzioa ase ezin denean) eta kontrola galtzea (kontsumoa gelditzeko ezintasuna).
Noiz esan dezakegu erosteko adikzioa dagoela?
• Triste, deprimiturik edo haserre gaudenean, erosketak egitera joateak bakarrik lasaitzen bagaitu.
• Sarritan, baliagarriak ez diren gauzak erosi, eta gero damutu egiten bagara.
• Etxea sekula erabili ez ditugun eta ezertarako balio ez diguten gauzez beterik badugu.
• Zerbait erosterakoan arinegi jokatzen badugu, inpultsoak ezin ditugulako kontrolatu.
• Etxekoek eta lagunek mezu kritikoak bidaltzen badizkigute, erosteko dugun zaletasun neurrigabea dela eta.
• Gauza asko erosi eta gastu handia egin badugu ere, etxera iritzi eta gustura sentitzen ez bagara erositakoa ikustean.
• Dirua konturatu barik joaten zaigula ikusi eta, sarritan, haserre bagaude zentzurik gabe gastatu dugulako.
• Gustatzen zaigun gauza bat ikustean, lasaitzen ez bagara erosi arte.
• “Mirari” produktuak erosten baditugu, nahiz eta alferrikakoak direla sumatu edo jakin.
• Kreditu txartelaren laburpena jasotzean, egindako erosketa kopuruak eta zenbatekoak harritzen bagaituzte.
• Denbora librea batez ere merkataritza-guneak edo erakusleihoak ikusten ematen badugu.
Erosteko gogoari eutsi ezin zaionean sortzen da arazoa.
Iturria: CAT (Barcelona)