INTERNETEKIKO ADIKZIOA GAINDITZEKO TERAPIA

“Oso ondo pasatzen nuen eta eguna konturatu barik joaten zitzaidan. Ordenagailuaren pantailaren aurrean 20 ordu ematen banituen, hogei edo hogeita hamar minutu besterik ez zela igaro uste nuen. Danielek 17 urte ditu, eta aurpegia argitu egiten zaio ekainera arte izan zuen bizimodua gogoratzean; izan ere, institutuko orientatzaileak aholkatuta, gurasoek garai hartan joanarazi zioten Internetekiko adikzioari neurriak hartzeko terapiara.

“Egunero, jaikitzen nintzen. Institutura joaten nintzen, komunera bizpahiru aldiz, bazkaldu, eta gainerako orduak ordenagailuaren aurrean ematen nituen. Goizaldeko hiruretan oheratzen nintzen, edo seietan ere batzuetan, bideo-jokoetan jolasten, musika entzuten edo  film edo sail bat ikusten egon ondoren. Beti izan dut gustuko bakarrik egotea, nahi dudana egiten, lasai eta inork molestatu gabe”.

Orain, Danielek ez du eguna bere logela barruan ematen. Orain, daturik gabeko mugikorraren eta ordenagailuaren aurrean egoteko denbora mugatua du, eta bi orduz baino ezin da egon.

Gregoriok eta Maribelek, Danielen gurasoek, zerbait gertatzen zela antzeman zuten semea institutura ez zela joaten ikustean.  “Guk ez genion nota onak ateratzeko eskatzen, baina bai eskola-orduak betetzea”. Baina betebeharrak erabat gutxituta ere, ez zuten gutxieneko betebehar hori bere gain hartzerik lortu. Egun batzuetan, bien artean ere ezin izaten zuten semea ohetik atera.

“Arrastaka eramaten ahalegintzen ginen, baina egoera bortitzak bizitzen genituen. Ezin zen berarekin arrazoitu. Esku artetik ihes egiten zigun. Poliziaren aurrean salatzea, edo ezertarako balio ez zuen liskarrean jardutea baino beste irtenbiderik ez genuen” aitortu du Gregoriok.

Ezin dugu esan saiatu ez zirenik. Gau askotan, modema itzali eta ezkutatu egiten zuten “armairuetan edo autoan”, eta Internet gabe geratzen ziren etxeko guztiak.  “Hala ere, Danielek beti aurkitzen zuen, eta konektatu egiten zuen gu lotan geundela”. Gurasoen iritziz, bideo-jokoekiko adikzioak erabat aldatu zuen Daniel, beste bat zen.

Bi urte eman zuten semearekin borrokan, eta azkenean, laguntza eske jo zuten Sevillako `Proyecto Hombre´ elkartera -teknologia berrien erabilera arazotsuaren ondorioz sortutako jokabide-arazoei heldu dien terapia aitzindaria egiten duen egoitza-.

Jesús Herreraren taldean jarduten duten nerabe gehienak bezala, Daniel ere ez zen bere borondatez joan `Proyecto Hombre´ elkartera. “Bahituta bezala etorri zen, gurasoek behartu egiten zutelako” adierazi du Herrerak. Bost hilabete hauetan, gazteak “nahikotxo aurreratu du, nahiz eta oraindik lan handia egin behar duen”. Gurasoak eta semea buru-belarri ari dira talde terapiaren 120 orduko programan eta banakako eta familiako esku-hartzeetan, nerabeak erantzukizunak bere gain hartzen eta komunikazioa eta gizartekoitasuna hobetzen, bai eta Interneten erabilera egokia izaten ere ikas dezan.

Kontsultatutako aditu gehienak bat datoz Internetekiko adikzioaren eta beste droga batzuekiko (alkohola, kanabisa, kokaina) adikzioaren antzekotasuna bermatzen duen ebidentzia zientifikorik ez dagoela esatearekin, baina frogatuta dago ordea, teknologia berrien erabilera arazotsua dela.  Eskola-porrota, antsietatea, tristura, suminkortasuna, bakardadea eta jokaera-arazoak dira ager daitezkeen ondorioetako batzuk.  Gaitz horiek gero eta ohikoagoak dira nerabeek mugikor, tableta eta ordenagailuen bidez errealitate digitalak bizi dituzten gizartean.

 

 

ELGAren aurtengo PISA ikerketaren arabera, 10etik 7 nerabe espainiar “oso txarto” daude Interneten konektatzeko aukerarik ez badute (Nomofobia).  72 herrialdeetako 15 urteko milioi erdi nerabeen ikerketari buruzko txostenean azaltzen zenez, ikasleen % 91k Interneteko konexioa duen mugikorra dute, eta % 61 berriz, hamar urte bete aurretik hasi da sareetan sartzen. Gehienek, 10etik 9k, ondo pasatzen dutela diote gailu digitalak erabiltzen. Espainiako gazteek, batez beste, 167 minutu ematen dituzte konektatuta egunero, eta 215 minutu asteburuan, ELGAko batez bestekoaren gainetik.  Hala ere, % 22k (bostetik batek) egunero 6 ordu baino gehiago ematen dutela sarera konektatuta adierazten dute.  Ikerketan, “muturreko erabiltzaileak” izeneko taldean daude, Daniel bezala.

Gazte horientzat oso zaila da deskonektatzea; asaldatu egiten dira.  Txostenaren arabera, gehiegizko erabilerak ariketa fisiko gutxiago egitearekin, lo arazoekin eta obesitatearekin zerikusia izateaz gain, motibazioa eta kontzentrazioa hondatzera eta  bakardade handiagora ere eraman ditzake.

Berri osoa irakurri nahi  baduzu sakatu ondorengo lotura:

http://www.20minutos.es/noticia/3181207/0/jovenes-terapia-adiccion-internet-movil/#xtor=AD-15&xts=467263

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

x

Usamos cookies para brindarle la mejor experiencia en línea. Al aceptar que acepta el uso de cookies de acuerdo con nuestra política de cookies.