Interneteko konexio abiadura bikoiztuko dute Euskal Encounter 23an

Lehendik azkarra zen, eta orain azkarragoa. Informatika eta bideo jokoen zaleen topaketa erraldoiak bere lekua egin du mundu osoan. Interneteko konexio abiadura bikoiztu egingo dute aurten, erabiltzaileek banda zabal gehiago izateko eta sarean nabigatu eta jolasteko erosotasun gehiago edukitzeko. Segundoko 40 giga eskainiko dituzte. 

 

Marka berriak hausten ditu Euskal Encounterrak urtetik urtera, baita izen emateekin ere; ordu eta erdi baino gutxiago behar izan dituzte aurten zaletuek 4.096 eserlekuak betetzeko. Lau ordu behar izan zituzten iaz.

 

Uztailaren 23tik 26ra bitartean Bilbao Exhibition Centren egingo den topaketak elkarren artean konektatutako ordenagailu-sare erraldoia izango du, 35.000 metro koadroko azalera batean. Lau egunetan zehar, etenik gabeko jarduera izango da bertan, dozenaka ekintza eta lehiaketekin.

Dibertsioa, elkarlana, formakuntza eta ekintzailetza bateratzea du helburu ekimenak.

 

Esperientzia berriak

Formakuntzak espazio berezia izango du, publikoari irekitako hitzaldi eta tailerrekin, eta Euskaltel Gaztea Kopa eta Occulus Survival Horror Experience esperientzia berriak ere izango dira bilgunean.

 

Publikoari irekitako hitzaldi egitarau zabala izango da, beraz, gai anitzekin: domotika, 3D inprimagailuak, txikiei zuzenduriko robotika; bideo jokoak eta hezkuntza; hegaldi profesionalaren simulazioa; edo merkataritza elektronikoaren lege betebeharrak.

 

Era berean, ekintzaile teknologikoei zuzendutako prestakuntza-jarduerak izango dira, euren proiektuak martxan jarri ditzaten laguntzeko. Lehiaketen eta aisialdiaren atalean, aldiz, Euskaltel Gaztea Kopa jokatuko da, online eta presentzialki, FIFA 15 bideo jokoaren inguruan.

 

Partaideen interesa piztu duen berrikuntzetako bat Occulus Survival Horror Experience izan da. Bertaratzen direnek, errealitate birtualeko betaurrekoen bitartez, esperientzia “ikaragarria” bizi ahal izango dutela iragarri dute.

 

 

Iturria: Berria

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

x

Usamos cookies para brindarle la mejor experiencia en línea. Al aceptar que acepta el uso de cookies de acuerdo con nuestra política de cookies.