Aizu! proiektua komunikabideetan: AEK ren aldizkarian (Aizu!), hain zuzen ere

 

“Ohikoa da gaztea gatazkatsua izatea, baina ez arazotsua”

Aizu! proiektuak 2007tik darama Barakaldon gazteekin lanean. Xede du nerabeen garapenean sortzen diren arrisku edota arazoei aurre egitea eta faktore babesleak bultzatzea: autoestimua, trebetasun sozialak… Proiektuaren izena gazteengana jotzeko modua delako aukeratu zuten.

jovenes

Aizu! Barakaldoko Udalaren zerbitzua da eta Etorkintza Elkargoko langileek garatzen dute. Herriko ia ikastetxe guztietan, publiko zein pribatu, gauzatzen da proiektua. Koordinatzaileaz gain, bost lagun ari dira lanean: bi aholkulari eta hiru hezitzaile.

 

Aholkulariek Lehen Hezkuntzako eta DBHko irakasle, tutore eta zuzendaritzako kideekin egiten dute lan, hots, ikasleekin harremanetan egoten diren irakaskuntzako langileekin. Arazoak lantzeko materiala eta prestakuntza emateaz gain, beharren arabera, hezitzaileek burutzen dituzten tailerrak ere antolatzen dituzte. Hezitzailea, aldiz, ikasleen erreferentziazko irudia izaten da.

 

Hezitzaileek DBHko gazteekin jarduten dute batez ere, eskolan zein Aizu!ren lokalean. Ikastetxeetan, informazio gunea dute, gazteentzako afixak, diptikoak eta abarrak zabal­tzeko (drogei edo sexuari buruzko informazioa edota beste edozein beharrizani buruzkoa); jolas orduetan eta jantokian ere egoten dira gazteekin, egoera arriskutsuak antzemateko eta ikasleekin konfiantzazko harremana sortzeko, inoiz beraiengana jo beharrean aurkitzen badira ere: “Garrantzi­tsua da gazteek konfiantza izatea gurekin, ohikoa baita norekin partekatu ez dakiten arazoak edo zalantzak edukitzea”.

punto de información

 

Aizu!n argi dute hezitzaileak eskolan egon behar duela, baina lokala ere badute herriaren  erdigunean, “ikastetxeak itxitakoan hasten direlako benetako arazoak eta zalan­tzak”. Hala, gazte batzuek jotzen dute Aizu!ren lokalera, eskolan ezagututako hezitzailearengana, baina “nahi baino gutxiago, kostatu egiten zaie. Batzuetan, agian, izan liteke irtenbidea berehala nahi dutelako, baina gure lokalak ordutegi jakin bat dauka, astean hiru arratsaldez zabaltzen dugu”. Gazte horiengana errazago iristeko asmoz jarri dute abian bloga: aizu.barakaldo.eus.

PANTALLAZO CARRUSEL_ con dirección

 

Oraingoz, hortaz, ikastetxeetan garatzen da, batez ere, Aizu!ren jarduna. Beharren arabera, eskolak esku-hartze zehatz bat eska dezake gazte batekin, edo talde lana, “ziber buyllingari buruzko tailerra, kasu”. Edo ikasle bat eskolatik kanporatua izateko zorian badago, hiru lan saio egiten dira harekin bere egoerari buruz hausnartzeko, horretarako kontratu moduko bat sinatuta. Zigor ekonomikoen ordezko neurriak ere badituzte: “Botilatzarra dela-eta, 16 urtetik beherakoek aukera dute tailer bat egin eta lehen isuna ez ordaintzeko. Jasan jasaten dute zigorra: etxeko errieta eta hona etorri beharra. Hausnartzera bultzatzen ditugu: egin dutena zergatik eta zertarako egiten duten, zein arrisku dakartzan edanak, nola edan daitekeen arduraz…. Hots, pentsamendu kritikoa bultzatzen ahalegintzen gara”.

mezclas anfetas

 

Gazteen kezkak familiarekiko eta lagunekiko harremanen ingurukoak ei dira batik bat, baita autoestimu eta ikasketa arazoak ere. Halaber, gertatzen da “gai jakin batengatik etorri eta, lanean hasitakoan, arazoa beste nonbait dagoela aurkitzea”. Kontuak Aizu!ren lan eremua gainditzen badu, edo esku-hartze sakonagoa behar bada, beste nonbaitera bideratzen dira gazteak.

 

Haatik, Aizu!koen ustez, egungo gazteak ez dira lehengoak baino gatazkatsuagoak: “Azken batean, kezkatzen dituzten kontuak izaten dira maite dituzten ala ez, zer-nolako rola betetzen duten lagunartean, gazteak ala helduak diren… alegia, betikoak. Nerabezaroa, berez, aldaketa ugariko biziaroa da. Ondorioz, ohikoa da gaztea gatazkatsua izatea, baina ez arazotsua. Nagusiek dute arazoa gazteen gatazkak kudeatzean. Benetako arazoa gatazkarik eza izango litzateke”. Izan ere, gazteen kanpoko gatazkak “barneko gatazken isla besterik ez” omen dira.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

x

Usamos cookies para brindarle la mejor experiencia en línea. Al aceptar que acepta el uso de cookies de acuerdo con nuestra política de cookies.