Ia iragarki guztietan, behin eta berriro agertzen da mutilaren edo neskaren irudi perfektua (zein gorputz dagoen ondo eta zein ez esaten digute). Auto bat edo desodorante bat iragartzeko ere neska argal eta eder bat jartzen dute.
Horren aurrean, esan dezakezu: “Daukadan gorputza onartzen dut, eta gustukoa dut gainera”, baina telebistak dio: Ez, ez, nik esaten dudan moduko gorputza izan behar duzu… eta orduan, gure galdera da: A bai? Zelan?” Eta telebistak iragarki eta programen bidez erantzuten digu argaltzeko modurik azkarrena, mirariak eragiten dituen janaria, bisturia… erakutsiz.
Amaitzeko… nahiz eta daukagun gorputza gustukoa izan eta maite dugun, behin eta berriro bestelakoa eduki behar dugula esaten badigute, zaila da ondo edo gustura egotea.
Telebistan agertzen diren moduko zenbat pertsona ikusten duzu kalean? Iragarkiak dekoratu hutsak dira, ez errealitatea.
Ez sinetsi ikusten duzu guztia! Ez utzi telebistak erabaki dezan nolako gorputza izan behar duzun…